PUBLICADO en GARA 2016/03/
Ijitoen eskubideen defentsan lan egitendu Kale Dor Kayiko elkarteak. Bertako lehendakariordea den Oscar Vizarragak ijitoen historia, usadioak eta herri bezaladituzten nahiak azaldu dizkio
Alboan ditugu, gure herrikideak eta auzokideak dira, baita atari bereko bizilagunak ere, baina, oro har, gutxi dakigu ijitoez, euren kulturaz, sustraiez, historiaz. Oro har, beren ohituren eta usadioen inguruan zabaldutako usteak baizik ez ditugu ezagutzen eta maiz uste horiek okerrak izan ohi dira. Hori horrela, Kale Dor Kayiko elkarteak lan mardula eta beharrezkoa egiten du eremu askotan, betiere integrazioa nahiz elkarbizitza bultzatzea helburu. Besteak beste, familiei sostengua eta informazioa errazten edota erakundeentzat aholkulari lanak egiten aritzen da, eta, adibidez, funtsezko lana bete du 80ko hamarkadaz geroztik haur ijitoak hezkuntza sisteman txertatzeko. Hain zuzen ere, hezkuntzarena da elkartearen zutoina, lanean jarri zuen ardura nagusia.
Oscar Vizarraga lehendakariordea da elkartearen aurpegi ezagunenetako bat, eta beregana jo du GAUR8k. Bilboko Txurdinaga auzoko egoitzaren ateak parez pare ireki dizkio bitxikeriak, egiak, gezurrak, ibilbidearen nekeak eta pozak azaltzeko gertu.
Elkartearen estimazioen arabera, Hego Euskal Herrian 28.000 inguru ijito bizi dira egun. Zifrek, ordea, ez dute zenbaki ofizialekin bat egiten, erakundeek ez dituztelako aintzat hartzen jatorri portugaldarra duten 3.000 ijito inguru, ezta 1.500 ijito euskaldun edo erromintxel ezta jatorri errumaniarreko beste 2.000 pertsona. Gainera, fluxu migratzaileak oso aldakorrak direnez, bereziki azken urteotan, zenbakiok ez dira zehatzak. Herrialdeka, Nafarroa eta Bizkaia dira ijito gehienen bizileku, 8.000 eta 7.000 pertsonekin, hurrenez hurren. Azken horietatik erdia Bilbo Handian bizi dira. Gipuzkoan 3.500 daude eta Araban 2.800 inguru.
Izatez, nomada izan da ijito herria, baina zentzu horretan hainbat fantasia hautsi nahi izan ditu Vizarragak. «Ez ginen hona heldu bidaiatzea gustuko genuelako, ezta gure mundu ikuskeragatik». Dioenez, etengabe mugitzearen arrazoia, %70 batean, jasan duten jazarpena izan da. Bidean odol asko isuri dutela dio, arrazakeria sufritu dutela. Oraindik ere egiten dute.
Estatu espainiarrera 1430. urtearen bueltan heldu ziren ijitoak, gutxi gorabehera. Historiaren arabera, XI. mendean utzi zuten beren herrialdea, egungo India eta Pakistan artean kokatua. Beti ihesean, hamaika herrialde zeharkatu zituzten. Mendebalderantz abiatu eta Afrika iparraldeko bidea hartuz heldu ziren batzuk Estatu espainiarrera, Andaluziatik Europara sartuz. Beste batzuek, berriz, jaioterritik iparralderantz egin zuten, Turkia zeharkatuz. Azken horiek Kataluniatik eta Euskal Herritik barna heldu ziren Estatura.
«Nomada izateak kondaira asko sortu ditu, Jainkoak basamortuan bizitzera kondenatu gintuela, aberririk gabe, izenik gabe, madarikatuta… Baina egia honako da: ia herrialde bakar batean ere, inon ez esatearren, ez digute lekurik egin». Eta ijitoek beren inguruan oso sare sendo eta estua ehuntzen badute ere, neurri batean euren burua babesteko eta defendatzeko egin dutela dio. Globo-arrainaren adibidea jartzen du. «Hori izan da bizirauteko modua. Gure oinarri etnikoa gure familia da. Ez dugu boterea nahi zure familia gobernatzeko, botere zati bat nahi dugu gure familiek biziraun dezaten. Ez dago ijito politikaririk edo ijitoen alderdirik herrialderen bat gobernatzea helburu duenik. Ijito bat politikan sartzen bada bere herria desager ez dadin egiten du. Horrek eraman du hainbat ijito politikan sartzera, bereziki Europa Ekialdean», azaldu du.
Erromintxelak
Estatu espainiarrean bizi diren ijitoek ez dute romani hizkuntza hitz egiten, kaloa baizik, jatorrizko romani hizkuntzaren «mintzamen bat», ez baita dialektoa. «Gainera, romaniaren jatorria izan arren, hizkuntza hori hitz egiten duen ijito batekin elkar ulertzerik ez dugu», zehaztu du Vizarragak. Gramatika latinoa ere badu, baita konkordantzian «akats handiak» ere, elkarrizketatuak berak dioenez. Romania, aldiz, hizkuntza unibertsala da, mundu osoko ijitoek elkar ulertzen dutelako, tokian tokiko salbuespenekin edo eraginekin. Kaloarekin, berriz, Estatu espainiarreko, Portugalgo, Italia mendebaldeko eta Estatu frantseseko hegoaldeko ijitoak komunikatzen dira elkar.
Euskal Herriko kasua, ordea, benetan berezia da. Izan ere, arrazoi antropologiko, soziologiko eta linguistikoak tarteko, beste herrietan izan ez zuen garapena izan zuen romaniak, ezberdina, erromintxela sortuz. «Bertako herriarekin eta herritarrekin izandako kontaktuak benetako mestizajea ahalbidetu zuen. Euskal Herrian hainbat baldintza eman ziren ijitoak gusturago senti zitezen. Estatuan beste inon ez ziren ematen: gutxiengo bat izatearen sentimendua, hizkuntza propio bat izatea, kultura bat, euskaldun izateagatik bazterketa jasatea, herri bezala biziraun nahi zuen herri bateko partaide izatea… Ijitoak ezaugarri horiekin erabat identifikatuta sentitu ziren. Pentsa, euskararen eta erromintxelaren artean antzekotasun handiak daude, hainbeste, testuingurutik ateratzen badira zaila dela zehaztea zein hizkuntza den bietatik. Bada, horrek guztiak ekarri zuen ijito euskaldunak sortzea; hitz egiten zuten hizkuntzak berak bezala, erromintxela izena hartu zuten», nabarmendu du Vizarragak.
Antza, Europa iparraldetik heldutako ijitoen ondorengoek dira erromintxelak, eta, Kale Dor Kayiko elkarteko kidearen arabera, «fisikoki euskaldunen antza dute, begi eta ile argiak dituzte». Euskaldunek lurrarekin eta baserriarekin zuten loturak ere izan zuen eraginik ijitoengan. «Eskulan beharrak, kinkila konpontzaile edo lurra lantzeko tresnen egile bezala aritzeko aukerak… ijitoak bertan oso ondo sentitzea ahalbidetu zuten, bizimodua aldatzeraino: nomada izatetik sedentario izatera pasa ziren. Ez da kasualitatea erromintxela familia ezagunenek industria txatartegiak izatea; txatarra erosten dute ondoren birziklatzeko».
Elkarbizitzaren beste adibide bat: «Ijitoena gizarte patriarkala den bitartean, erromintxelena matriarkala da, Euskal Herrikoa bezala. Oso talde interesgarria da. Esango nuke bakarra dela bere gizarte egituraren zati bat utzi duena erreferentziatzat duen kulturarenetik hartzeko. Euskal ijitoek beren balore zerrenda aldatu dute euskal kulturara egokitzeko, baina horrek, aitzitik, ez die ijito identitatean galerarik ekarri –baieztatu du–. Hitz gutxitan esateko, erromintxela elkarbizitzaren adibiderik onena da, mestizaje hutsa; ez dago inposizio edo jazarpenik, giza sinbiosia, linguistikoa eta soziologikoa baino ez dago, modu naturalean sortutakoa».
Etxeberria, Etxebarria, Etxepare, Vega eta Berrio dira erromintxela familietako abizen arruntenetako batzuk. Lea-Artibai inguruan asko daude, baita Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroan ere. Lehen erromintxela Lasarte-Orian kokatzen du elkarteak ikertutako artxiboak oinarri. Etxebarria zen bere abizena.
Erromintxelen historia jaso eta dokumentatzeko, 1995ean Kale Dor Kayiko elkarteak ikerketa soziolinguistikoa abiatu zuen Euskaltzaindia eta Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Departamentuaren eskutik, baina hitzarmenak urtebete iraun zuen eta ondoren heldu ziren arduradunek ez zuten soka hartatik tira nahi izan. Hala, zoritxarrez, baliabide ekonomikorik ez izatea argudio, ikerketa ez zen amaitu. Batzuen «interes falta» ere aipatu du Vizarragak. Hori gertatzea «ulergaitza» dela uste du, horregatik, elkarrizketa honen bidez erakundeei deia luzatu nahi die, inplika daitezen. «Ikertzen hastean hilda zegoen hizkuntza topatuko genuela uste genuen, eta oso oker ginen!», dio. Gaur egun belaunaldi zaharrenek soilik hitz egiten dute, gazteek euskara ikasten duten neurrian erromintxela alde batera uzten baitute. Horregatik ikerketa berandu baino lehen itxi behar dela uste du.
Hezkuntza sisteman txertatu
Ijitoen bizimoduan aldaketa nagusi bat eman bada, hezkuntzan eman da, alegia, hezkuntza sisteman txertatzean. Vizarragak guztiaren oinarria hezkuntza dela uste du, eta horixe izan zen elkartearen aurreneko helburua, eta garrantzitsuena. «Haurrak ez genituen eskolara eramaten, hasteko ez genekielako eskola guretzat ere bazenik. Ijito komunitatea gizartearen alde batean egon da; gure burua baztertzeaz gain, baztertu ere egin gaituzte. Horri, bizilekua maiz aldatu izana eransten zaio».
Benetako aldaketa 80ko hamarkadan jazo zen, baina EAEn lurralde bakoitzak prozesu erabat ezberdina izan du ijito neska-mutikoak hezkuntza sisteman txertatzerako orduan. Bizkaian, Adarra maisu-maistra taldeak azaldu zuen egoeragatik kezka, eta bete-betean inplikatu zen. Ijito haurrei ulergarriak izango zitzaizkien eskola materialak egokitzen hasi ziren. «Asko ez ziren eskolara joaten, eta joaten zirenen artean askok ikasketak utzi egiten zituzten. Egoera oso prekarioa zen. Beraien arreta bereganatuko zuen materiala sortzea zen gakoetako bat, beren errealitatera egokituta», oroitu du Vizarragak. Elkarlana bi norabidetan eman zen, maisu-maistrek ijito komunitatean erreferentzia ziren pertsonen laguntza jaso zutelako.
80ko hamarkada amaieran, Adarratik eskaera zehatz batzuk luzatu zitzaizkion Lakuari. Adibidez, protokolo bat diseinatzea. «Horrek fruitua eman zuen eta 1989an Lakuako Hezkuntza Saila eta Bizkaiko Aldundiko Ongizate Saila elkarrekin eseri ziren. Ondoren, Kale Dor Kayiko eratu genuenoi deitu gintuzten. Absentismoaren aurkako protokoloa Adingabeen Fiskaltzara ere igorri zen eta udal askok ere sinatu zuten, Eudel elkartearen bidez. 90ean zazpi talde sortu ziren, besteak beste, Bizkaiko familiekin lan egiteko, informazioa eta baliabideak eskaintzeko». Garapena handia izan da, eta denbora laburrean gainera. «Horregatik, gaur egun umeen eskubideez eta helduen erantzukizunez hitz egiten dugu».
Araban eskolaratze prozesua Gao Lacho Drom elkartearen eskutik eman zen, eta Elizarenetik, boluntarioen bidez. Tio Bartolok egindako lana goraipatu du Vizarragak, Caritasekin zuen harremana gogora ekarriz egindako bidea ulertarazteko.
Gipuzkoan egoerak ez zuen zerikusirik ez Bizkaikoarekin ezta Arabakoarekin ere. Batetik, ijitoen dispertsio handia ematen zen, eta horrek ijitoak zentro jakin batzuetan ez pilatzea eragiten zuen. Ondorioz, lehen begirada batean behintzat, erakundeentzat ez zegoen arazorik. Eta hortxe dago koska. Vizarragaren arabera, «erakundeek eurentzat egoera bat arazo bilakatzean bakarrik ematen dute konpontzeko urratsa, ez lehenago. Inoiz ez dute pentsatzen, beraiek, erakunde bezala, arazo ote diren hiritarrentzat edo ez». Horri erantsi behar zaio Donostiako Errekalde auzoan, Añorgan, ijitoen hezkuntza maila «ijito ez ziren haurren mailan jartzeko zentroa» zegoela. Eta hori, azkenean, ghetto bilakatu zen. «Gure ardura horrekin amaitzea zen, haurrak hezkuntza sistema arruntean sar zitezen. Bitartekoak sortu eta zerbitzuak koordinatu beharra zegoen. Zorionez, 97an edo 98an itxi zituen ateak eskola hark».
Guztietan Bizkaikoa izan da sistema eraginkorrena, batez ere lantalde zehatzak sortu zirelako, azpiegitura eta bitartekoak eskainiz bai erakundeetatik baita ijito komunitatetik ere, dinamika oso bat sortu arte. Gaur egun neska-mutiko ijitoen eskolaratze tasa ia %100ekoa da, baina absentismoan oraindik asko dago egiteko.
«Familia», gizarte txiki bat
Ijito herria hobeto ulertzeko beren usadioak aipatu behar dira ezinbestean, baita “familia”, beren “mini-gizartea”, egituratzeko duten modua ere. Vizarragaren hitzetan, ijitoarena gizarte patriarkala, piramidala eta patrilineala da. «Patriarkala da gizonak duen paperagatik, baina horrek ez du esan nahi emakumeak ardurak ez dituenik. Etxeko erabaki asko biek batera hartzen dituzte, eta badaude emakumeak soilik erabakitzen dituen gauzak, baina gizonak ‘kanpo harremanetarako ministroaren’ papera egiten du nolabait: erabakien ardura darama eta etxetik kanpo ikusten den aurpegia berea da». Adina sexua baina baliotsuagoa dela ere erantsi du; hala, boterea zaharrenetik gazteenera erabiltzen da. «Horregatik, gerta daiteke familia batean adineko gizonik ez egotea eta emakume heldu batek hartzea familiaren ardura hurrengo belaunaldiko gizonarekiko dagoen adin tartea handia delako. Gizonezko hori urteak betetzen dituen neurrian joango da rolak hartzen».
Piramidaltasunari dagokionez, belaunaldi edo mailatan sailkatzen dira pertsonak. Oinarrian, haurrak. Ondoren, nerabeak, gazteak, ezkonduak eta helduak. Helduei, tío eta tía deitzen zaie, letra txikiz, eta ez du esan nahi denen izeba-osaba direnik, estatusa adierazteko balio duen hitza da. Azken maila ez da erpin bat, piramideak punta faltako balu bezala, ez duelako pertsona bakarrak osatzen. Bertan daudenak TÍO eta TÍA dira, letra nagusiz. Vizarragak argitu nahi du ez dietela patriarca deitzen. Gizon zein emakumeak heltzen dira azken urratsera, eta ez dira adinekoak izan behar ezinbestean, baizik ume izan direnetik «ijito legea» aintzat hartuta ibilbide eredugarria izan duten pertsonak. «Ezin du edonork azken urratsera heldu. «Badira 50 urterekin TÍO direnak eta 70ekin tío direnak».
Neurria hartzearren, “familia” txiki batek 200 kide ditu, 300 eta 400 bitartean ertaina da. Euskal Herrian dagoen ijito kopurua kontuan hartuta, familia gutxi direla aipatzen du. «Familia bakoitza gizarte txiki bat bezala gara. Eta nola zehazten du gizarte batek zer egin daitekeen eta zer ez? Eta zer egin behar den arauak betetzen ez direnean? Horretarako botere legegilea, betearazlea eta judiziala ditugu. Elkarbizitza familien artean nahitaez eman behar denez, ‘ijito legea’ da familiak sisteman egituratzen gaituena». Eremu geografiko bera partekatzen dutenek bete behar dituzte familietako TÍO eta TÍA direnek idatzitako arauok. Aldiz, bi familiaren artean elkarbizitza arazoak daudenean, hirugarren bat sartzen da jokoan, neutrala dena, alegia, auzian zerikusirik ez duena, eta kriss (“legea” romaniz) delakoa antolatzen du. Kideok arazoa izan duten bi familiek derrigorrez bete beharreko arau berriak onartuko dituzte «eta bakoitza arduratuko da bere etxean arauok ezartzeaz. Kriss-a krisi egoeretan soilik sortzen da. Bere lana egitean desegin egiten da», dio Vizarragak.
Ijito populazioa gaztea da. Ijitoen %50ak 25 urte baino gutxiago ditu eta horietatik %40k 16 urte baino gutxiago. 18 eta 20 urte inguru dituztenean ezkontzeak eragina du, jakina (batez besteko adina 14 urtekoa zen orain urte batzuk). Hortik aurrera daude baimenduta harreman sexualak, ez lehenago, eta seme-alabak goiz izaten dituzte. Dibortzioarena oso kontzeptu berria dela dio elkarrizketatuak, baina kasu batzuetan ematen dela zehazten du. «Inoiz ez nortasunak bateragarriak ez direla argudiatzen bada», adibidez, baina bai, eta berehalakoan, senarraren edo emaztearen aldetik adulterioa eman bada. Tratu txarren kasuan «lehen aukera» ez dela dio, «baina egoera errepikatzen bada dibortzioa adostu daitekeela» gehitu du.
Ezkontza eguna heltzen denean emakumeari “zapiaren proba” egiten zaio, birjina den edo ez jakiteko. Ohitura hori hala mantentzen dute gaur egun, eta etorkizunean izan lezakeen garapenaz dio «hogeita hamar urte barru proba ginekologiko bat izango dela akaso», baina edozein kasutan iritzi du «garen guztia proba horretan» dagoela.
Mitoak gezurtatzen
Behin egia diren ohiturak azalduta, ijitoen inguruko gezur eta mitoez mintzo da Vizarraga. Ijito emakumeek ijito ez diren emakumeek lortu duten berdintasun maila bera ez dutela onartzen du, baina nabarmendu du pixkanaka horretan ere urratsak ematen ari direla, eta, adibidez, gizonezkoek etxean gehiago laguntzen dutela egun. «Utz gaitzatela gure erritmora garatzen», eskatu du.
Arrazakeria sufritu dute historian zehar ijitoek eta egun ere sufritzen dute; «asko», dio. Eta hortxe aipatu ditu Vizarragak etxebizitza bat alokatu ahal izateko dituzten arazoak –«jabeak ijitoa zarela ikusten badu ez dizu alokatzen»– edo lanpostu bat eskuratzeko jartzen zaizkien trabak –«nahiz eta ondo prestatuta egon, beti hartuko dute lehenago ijitoa ez den norbait»–. «Jendeak daturik gabe hitz egiten du, badiote etxebizitzak ematen dizkigutela, eta ez da egia. Erraza da mina egitea, eta zaila ordea informazioak gezurtatu eta gure ohorea garbitzea. Mesfidantza handia dago gurekiko eta horrek zaildu egiten dizkigu hainbat oinarrizko eskubide. Desilusioa eta frustrazioa eragiten du horrek komunitatean».
Hainbat jarrera sozial desegoki egozten zaizkiela ere salatu du: «Elikadura txarra, delinkuentzia, higiene falta, segurtasun eza… aipatzen dira, baina esan diezadatela ghetto batean bizi eta ijito ez den nork ez dituen arazo hauek. Arazoak berberak dira. Kanpotik begiratu eta herri jakin bati egozten zaizkion jarrerak ez dira herri horrenak, berezkoak, baizik-eta egoera baten ondorioz sortutakoak. Egoera horiek ekartzen dituzten sorburuen aurka borrokatu behar dugu, horri guztiari irtenbidea emateko».
«Absentismo zifrak larriak dira: eredua aldatu beharra dago»
Kale Dor Kayiko elkarteko kideentzat bezalaxe, hezkuntza «guztiaren muina da» Nafarroako Gaz Kalo elkarteko Ricardo Hernandezentzat ere. Haurrak hezkuntza sisteman nola txertatu ziren azaldu baino, arreta beste puntu batean jarri du: gazte ijitoek ikasketak uzteko duten joeran. 2013an Ijito Idazkaritzak eta Unicefek egin zuten txosten baten arabera, %60k ez dute Bigarren Hezkuntza bukatzen; beste ikerketa batzuek %80az hitz egiten dute. «Egoera oso larria da edozein kasutan», dio.
Beste datu deigarri bat ere badago: neskek gradu ertain bat edo goi mailako ikasketak egiten dituztenean mutilek baina emaitza hobeekin egiten dute. «Neskek proportzio handiagoan uzten dituzte ikasketak, baina jarraitzea erabakitzen dutenen errendimendua edo ikasketa arrakasta handiagoa da».
Hernandezen iritziz, ikasle batek sistema uzten duenerako sistemak lehenago utzi du ikaslea. Familien arduraz hausnartu eta jokatzen duten paperaz eztabaidatu behar dela onartu arren, sistemak berak ondo funtzionatzen ez dutela uste du. Lehen Hezkuntzan hasten da arazoa, bere esanetan. Izan ere, ijitoak ez diren haur asko 0 eta 3 urte artean hasten dira eskolara joaten, hau da, boluntarioa denean. Bestalde, ijitoak 3 urterekin hasten dira, alegia, «derrigorrezkoa denean, ez lehenago». «Hortxe badago ezberdintasun bat bi taldeen artean. Guraso ijitoek bat-batean sistemaren barruan ikusten dute beren burua, eta gehienek ez dituzte Lehen Hezkuntzako haur bati laguntzeko gaitasunak. Pixkanaka umea atzean gelditzen joaten da. Zer esanik ez Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara igarotzen direnean…».
Ikasketak zailtasunekin jarraitzen dituzten ikasleekin egiten den moduan, sistema arrunta utzi eta eskola berezietara bideratzen dituzte, errefortzuak eman… Hernandezek dioenez «maximoen pedagogia» egin behar da ikasle hauekin, ez «minimoena». «Ez da nahikoa klasera joatea, zaratarik ez ateratzea, eta etxeko lanak egitea. Ume horrek etxean ez du laguntzarik, gehienetan ardura nagusiak elikadura eta argia izaten dira, eta sistema dagoen bezala egonda irakasleek ezin dute banan-banan, modu pertsonalizatuan inplikatu».
Estatu espainiarrak onartutako Ijito Biztanleria Gizartean Integratzeko 2012-2020 Planaren arabera, Hezkuntzan, Enpleguan, Osasunean eta Etxebizitzan eragitea da garrantzitsuena eta ezinbestekoa. Europar Batasuneko kide diren estatuek beren estrategiak diseinatu behar dituzte, eta Madrilek egin du, baina lan handia dago egiteko. Emakumea eta Gazteria arloak ere aintzat hartu beharrekoak dira.
Hitz gutxitan, Gaz Kalorentzat aurrerapausoa litzateke ijito kultura aintzat hartuko lukeen hezkuntza sistema garatzea, beren historia liburuetan jasotzea, babestea, sustatzea. «Nafarroara 1435eko apirilaren 27an heldu ginen, eta, hala ere, oraindik ezezagunak gara», dio penaz.
Ezagutzen den apurra, Hernandezek dioenez, eta hala salatzen du, estereotipoen bidez jasotakoa da. «Usteek, aurreiritziek XV. mendetik jarraitzen gaituzte, eta denboran mantentzen dira, XXI. mendean egon arren. Hezkuntza, hezkuntza eta hezkuntza baliatu behar da eredua iraultzeko». Adibide gisa Gaztela eta Leon jarri du, proposatu egingo duelako ijitoen kultura eskola curriculumean txertatzea. «Zergatik ez halako zerbait Euskadin eta Nafarroan?», proposatu du. «Errekonozimenduak, gu ezagutzeak, interesa azaltzeak gure herriaren autoestimua indartzen lagunduko luke, zalantzarik ez dut. Ijitoak beti egongo gara harro ijitoak izateaz. Eta liburuetan azaldu nahi dugu, ez telebistako show jakin batzuetan, edo beste mota batzuetako kroniketan. Gizartean parte hartu nahi dugu, gizartearen parte izan, gure historia gurea izateaz gain denona ere badelako».
Azken baieztapen horrek baditu izen-abizenak. Tio Javier Etxeberria El Txuntxunero eta Agustin Castellon Sabicas ijito nafarrak. Lehenak txistua jotzen zuen; bigarrena mundu mailan erreferente izan zen gitarra jotzen.
«Euskal ijito edo erromintxelek oso talde interesgarria osatzen dute. Beren balore zerrenda aldatu zuten bertako kultura eta usadioetara egokitzeko. Modu naturalean sortutako mestizajea izan zen, ez inposizioa»
«Familia bakoitza gizarte txiki bat da, eta, elkarbizitza nahitaez eman behar denez, ‘ijito legea’ dugu familiak sisteman egituratzeko. Bi familiaren artean arazorik ematen bada, hirugarren batek, ‘neutroa’ denak, konpontzen du egoera»