Published Enero 27th, 2009 by erlantx
Bilboko Udalak parte zaharra husteko agindu du, uholde arriskuagatik
Marea goiti izango da 17:23ean, eta larrialdi zerbitzuak alertan daude Euskal Herriko hainbat tokitan. Kadagua ibaiak gainezka egin duela-eta Alonsotegin bizilagun batzuk etxetik atera dituzte. Iruñean Argak gainez egin du, baita Andoainen Oriak, Hernanin Urumeak, Trasponden Zadorrak eta Mungian Butroe ibaiak ere. Muskiz parean itxita dute A-8a Espainia aldera, lur jausiengatik.
Euri asko ari du gaur, eta hainbat tokitan ibai eta erreketako urek gainezka egin dute, edota egiten ari dira. Horrekin eta 17:23ko itsasgorarekin kezkatuta eta alertan daude larrialdi zerbitzuak Euskal Herriko toki askotan. Arratsalderako zer gertatuko den kezka dute agintariek, bereziki Bilbon eta Basaurin, Nerbioik uholdeak eragin ditzakeelako. Bilboko Udala hasi da neurriak hartzen, eta eguerdian parte zaharreko dendariei eta ostatuei gunea uzteko agindu die, Arriaga Antzokia husteko, handik autoak ateratzeko…
Kostaldeko beste toki batzuetan ere uholdeak gertatzeko arriskua dago, esaterako Lapurdiko hiriburuan, Aturri eta Errobi ibaiekin. Ahal dela autorik ez hartzeko gomendioa egin dute Euskal Herri osorako, eta erreka bazterretako errepideetan bereziki arreta jartzeko.
Alonsotegin (Bizkaia) oraingoz bost bizilagun etxetik eta hainbat lagun eskola batetik eta osasun zentro batetik aterarazi egin behar izan dituzte, Kadagua ibaiak gainezka egin baitu. Ibai berak ere gainez egin du Sodupen (Bizkaia). Eguerdi parterako, hala ere, Kadaguaren maila orekatzen joan dela jakitera eman dute. Haatik, Nerbioi, Ibaizabal eta Lea ibaien ur-emariak handitzen doaz.
Herrialde berean, Mungia aldean Butroe ibaiak inguruko landak hartu ditu, eta Getxon ere arazoak dituzte, Gobela ibaia oso goian baitago. Alerta egoeran daude, eta hango auzo batzuetako bizilagunei ohartarazi die autoak ateratzeko garajeetatik. Barakaldo eta Trapaga arteko errepidea itxi egin dute putzuengatik, eta Erandion Arriaga auzoko errepidea ere bai. Sestao, Arrigorriaga eta Basaurin ere alertan daude.
Luizi eta uholdeek FEVE trenbideak Bizkaian duen sareari eragin diote, zehazki Bilbo eta Enkarterriak lotzen dituen linean. Hala, trenak ezin direnez egokiro ibili, konpainiak autobusak jarri ditu bere erabiltzaileak eramateko, Bilboko Zorrotza auzotik Sodupeko geltokiraino. Beste tren zerbitzu batzuek atzerapenak jasan dituzte.
Bizkaian bertan Muskiz parean A-8a itxi egin dute Kantabria (Espainia) aldera, lur jausiak izan baitira. Ertzaintza Zierbenatik ari da trafikoa bideratzen. Leku hartan Bilbo alderako noranzkoan errei bat baino ez dago zabalik.
Gauza bera gertatu da Mallabian, Bizkaian ere. Luiziak direla eta, Bilborako noranzko erreia, BI-633 errepidean, moztuta dago, eta trafikoa txandaka bideratzen ari da Ertzaintza. Barakaldon itxita dago A-8 autobiderako sarbidea, eta ezkerraldeko hiri hori Trapagarekin lotzen duen BI-745 errepidea zarratu dute.
Beste lurraldeetan ere eragozpenak sortzen ari da euria. Andoainen (Gipuzkoa) Oria ibaiak gainezka egin du 10:30ak aldera. Herrialde berean, Hernanin, Urumeak Landareko errugbi zelaia urpean hartu du. Gainera, Ega, Deba eta Urola ibaiekin zer gertatuko kezkatuta daude larrialdi zerbitzuak.
Nafarroan, Iruñerrian, Arga ibaiak toki batzuetan irten egin du. Horietako bat da Iruñeko alde zaharraren azpian dagoen Madgalena zubiko eremua, eta bidea moztua dago. Burlatan eta Uharten ere atera dira Argako urak.
Nafarroako beste hainbat tokitan ere erne dabiltza larrialdi zerbitzuak, bereziki Uharte-Arakil eta Sakana aldean. Lizarrerrian kasu handia egiten ari zaio Ega ibaiari, arrazoi beragatik.
Era berean, N-121 errepidean eta bigarren mailako beste errepideetan arreta handia jartzeko eskatu dute. Bidasoa ibaiaren egoera gertutik segitzen ari dira.
Araban, Zadorra ibaiari adi daude babes zibileko zerbitzuak eta suhiltzaileak. Urek gainezka egin dute Trasponde eta Villoda herrien artean, Oka Iruñatik gertu, baita Duranan ere. Gasteizko iparraldean, Gamarran, atera egin da Zadorra ibaia, eta Olarizu etorbidea itxita dago, urak hartuta. Gasteiztik gertu, Elorriagan, Santo Tomas errekak ere gainezka egin du.
Bestalde, Uribarri Ganboako urtegian ura uhateetatik husten ari dira atzo bezala, segunduko 20 metro kuboko erritmoan.
Lapurdin, Aturri eta Errobi ibaien uren maila biziki igotzen ari dela-eta gertutik jarraitzen dute egoera larrialdi zerbitzuek. Halaber, Urdazuri ibaiari so dira; Senpere eta Azkaineko bizilagunek ongi dakite uholdeak jasatea zer den, eta kezkatuta daude orain.
Nafarroa Beherean, arazoak sortzen ari dira Ortzaize herri inguruan.
Euskal Herrian, oro har, errepideetan sortu diren putzu eta istilekin erne egoteko gomendatu dute, eta tentuz gidatzeko.
berria