Published Marzo 1st, 2009 by erlantx
Ongi etorri euskara herrira, ongi etorriak denok Korrika 16ra
Bertan da. Euskararen aldeko birak ez dio hutsik egingo bi urtean behin daukan zita arrakastatsuari. “Ongi Etorri” lelo pean, AEK elkarteak ateak zabaldu nahi dizkio gure hizkuntzaren mundu magikoan murgildu gura duen orori.
Korrika16 Tuteratik abiatuko da Martxoaren 26an. Euskal Herriko hegoaldetik hasita, bere erritmo partikularrarekin eta adin guztietako jendearen parte hartzearekin, gure herri osoa zeharkatuko du, Gasteizera heldu bitartean.
Apirilaren 5ean, lasterketa Arabako hiriburura helduko da. Baina, lehenago beste hamarnaka herri eta auzoetatik igaroko da.
Bilbora, Korrika apirilaren 3an helduko da. Erandiotik sartuko da arratsaldeko 18:40 inguruan. Saninaziotik iragan ostean Bilboko auzo guztiak gurutzatuko ditu. Kultur eta kirol eragile ezberdinek Korrika 16ren testigua eramango dute kaleetatik. Guztiok parte har dezakegu. Beraz Ongi Etorriak! hain zuzen horixe da aurtengo lema nagusia.
16 edizio eta 32 urte. Ez da nolanahiko marka, batipat euskara normalizatu gabe jarraitzen duela haintzat hartzen badugu. Egoera erabat diglosikoa da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan; zonaldekako banaketa dago Nafarroan eta erabateko bazterketa Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoan. Beraz, beste behin ere, ezinbestekoa da gure hizkuntza bultzatzen duten ekimenetan parte hartzea.
Nahiz eta jende askok jakin ez, Korrika ez da soilik Euskal Herriko lau haizeetara zabaltzen den ohiua. Askoz gehiago ere bada. Izan ere, jarduera kultural ezberdinek motoreak berotzen dituzte aldez aurretik.
Korrika.org web orrian azaltzen denez, hainbeste kultur ekimen batzen dituzte Korrika Kulturala eta Kulturbira ekimenek. AEKko antolatzaileen ustez, “egokia eta bidezkoa da Korrikari esker lortzen den diru baliabideen zati bat onura ekonomikorik ez dakarten baina gizarte-onura bilatzen duten ekimenetan inbertitzea”.
Ondorioz, euskarazko arte eszenikoak bultzatu, euskal sortzaile berriei bidea erraztu eta jendaurrean aurkez daitezkeen lanak sortzen eta ezagutarazten laguntzea ere xede du Korrika kulturalak.
Kultur eskaintza anitza
Aurtengo eskaintza punta puntakoa da. Antzerkigintzan Mirande Kabareta dugu ikuskizun polit bat, Edorta Jiménez, Galder Pérez eta Ane Zabalarekin. Bestetik Ibañeta antzezpena dago, Karlaundiren inbasio saiakera jorratzen duena. Bertsolaritzari dagokionez Erregea eta Bufoia saioa izango da hainbat antzestokitan.
Hauekin batera, Benito Lertxundi, Betagarri edota Pirritx eta Porrotx pailazoak izango dira Korrika Kulturalaren beste protagonista batzuk.
Bestalde, Korrikaren beste ikur bat edizio bakoitzak propio izaten duen kanta da. Aurtengoan Betagarri taldearen txanda izan da. Arabarrek Jon Maiaren hitzak musikatu dituzte. Bideoklipa ere ikusgai da. Korrikaren web orrialdean duzue Korrikari ekiteko aukera. Hasi berotzen!
branka.biz