Euskararen Nazioarteko Eguna Otxarkoagan (Iritzi artikulua)

2016ko abenduaren hirua: berriro ere «Euskararen eguna» heldu zaigu. Iupiii! Ze ondooooo!!!

Badakizue, eskoletan eta instituzioetan eta hedabideetan euskara hitza gehiagotan agertzen den egun hori. Umeak agertzen dira aurpegian tximeletak margotuta esanez ze garrantzitsua den euskaraz egitea aitatxo eta amatxorekin. Bikote gazteak eskutik helduta kamera aurrean euskararen alde. Alkateak, zinegotziak, legebiltzarkideak, lehendakaria, euskaraz, euskarari buruz.

Euskararen txantxangorria paparrean eta paretetan. Mikrofonoetan euskara, kamera aurrean irribarre. «Asko egin dugu, baina asko gelditzen da egiteko». Baina irribarrez. Ez hitzegin nekeaz, arazoez, gure erakundeetatik (eskola, udaletxe, familia, koadrila, konpartsa…) gure buruari jartzen dizkiogun trabez. Inori ez zaio interesatzen arazoei buruz hitz egitea. Euskararen eguna irribarre egiteko egun bat da. Aurpegietan tximeletak margoztekoa.

Baina euskararen eguna Ibilaldi eta Herri Urratsetako «Gora Euskadi» txanoa bezalakoa bada (eta, onar dezagun, hala da), zergatik arraio antolatuko dugu aurten ere euskararen eguna Otxarkoagan? Zergatik ospatu euskararen txantxangorria baino Disney-agoa den jai hau gurean?

Bada, bi arrazoirengatik: bata, Otxarkoagan euskaraz entzun eta jardun nahi dugulako. Otxarkoaga euskaldun bat nahi dugulako ezezik, Otxarkoaga euskaldun batetan ahalik eta arinen bizi nahi dugulako. Eta horretarako aukera guztiak baliatzera goaz. Euskalki guztiak baliatzera goazen modu berean: Larraskitu, Buia, Basurto eta Otxarkoagakoenak, baina baita Bilbon bizi diren gipuzkoar, arabar, nafar, zuberotar, lapurtar eta baxenafarrenak ere. Batueraz egiten dutenenak eta euskalkietan ari direnenak. Euskal Herrian jaiotakoenak eta kanpoan jaio eta hemen bizi direnenak. Arnasgune eta arnasune guztiak nahi dizkiogulako eskaini euskarari 2016ko Bilbon, Mahatserririk hasita, auzotik hasita.

Eta bigarren, jaian sinesten dugulako eraldaketarako. Bilboko Aste Nagusia edo Ihauteriak adibide. Jaiak egoerari buelta emateko balio dezakeelako, balio duelako. Eta horregatik eman nahi diogulako jai honi ere buelta. Euskararen txantxangorria arrano, bele, hartz, inurri, elefante, otso bihur dadin. Ez txiki eta maitagarri, baizik eta anitz, indartsu eta askotariko.

Abenduaren hiruan, Otxarkoagan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. Gure erara. Guk soilik dakigun eran. Gonbidatuta zaude, behar zaitugu.

 

Xabier Landabidea, auzokidea.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.