Gure norabide eta norantzak, gaur.

Unibertsitateak gizartearen isla eta kontraesanez beteriko egiturak dira. Ezagutzaren izaera eta teknologien eraldaketa prozesu sakon eta azeleratuen erdigunean kokatuta daude baina tradizioa eta errituala irudikatzen dituzte aldi berean. Gizartearen arazo eta ardurekin konexioa bilatzen dute baina eragile isolatu eta sarriegi auto-erreferentzialak dira gehiegitan. Formakuntza eta ezagutzaren sorkuntza dituzte oinarri baina kalitate-indize eta lehiakortasun-eskalek hartu dute ideien konfrontazioa eta eztabaida intelektualen lekua.


Gauzak horrela, unibertsitatean lan egitea ere kontraesanez beteriko esperientzia da egun. Ikerlari eta irakasle aritu naizen urte hauetan ikusi ditudan hiru susmo aurkeztu nahiko nituzke, unibertsitatea den eta izan litekeenaren inguruko eztabaida irekitze aldera.

Lehenengo susmoa norabideen marrazketa lana esternalizatu denarena da. Lehiakortasun eta bikaintasun zerrendetan posizionamendu ona lortzea bilakatu da ipar, eta orratz guztiak horretara orientatu (behar izan) dira oso denbora gutxian. Kanpo agentziek (nazioartekoak zein Frantzia-Espainia mailakoak, ez noski Euskal Herri mailakoak) markatutako lerro horiek sortu dituzte langile eta lantaldeen orientabide berriak, sarri polo magnetiko horietan emandako aldaketak itsu-itsuan jarraitu direlarik, alternatibarik ez dagoen (TINA edo There is No Alternative) argudiopean.

Bigarren susmoa norabide guztietan korrika egin behar izatearen sentsazioa orokortzen ari delakoa da. Presio hazkorra dago produktibitate maila igotzeko: nazioarteko argitaletxe erraldoien aldizkari zientifikoetan argitaratzea (publish or perish delakoa, baina zer, norentzat edo zertarako aldagai anitzen ordez non aldagai bakarra ezarriz), akreditazio-agentzia ezberdinen koskak igotzea, seiurtekoak pilatzea, iker-taldeetarako finantziazio iturriak ziurtatzea…

Norabideak kanpotik marraztu badira, barrutik sarri norantza guztiei aldi berean ekitea eskatzen digu: aldi berean iparraldera eta hegoaldera joatea.

Adibide argiena agian irakaskuntzan dago. Boloniako prozesuak gaitasunetan oinarritutako formakuntza, ikaslearen protagonismoa eta ebaluazio jarraitua planteatu ditu, baina merkatu logikek kostuak murrizteko ahalik eta ikasle gehien batzea bultzatzen duten aldi berean. Ondorioa ezaguna zaigun paradoxa da: hurbileko ebaluazio pertsonalizatua eskatzen zaigu, gradu ezberdinetako 50, 60 edo 90 ikasle batzen zaizkigularik klase berean.

Hirugarren susmoa unibertsitatea bere funtzioa galduta dabilelakoa da. Ezagutza eta hezkuntza direna eta izan litezkeena jada ez dira iragan mendekoak, baina unibertsitateari arnasa eta espazioa falta (izan) zaio bere burua ausardiaz birpentsatzeko. Salbuespen interesgarriak daude noski euskal unibertsitate guztietan, baina iruditzen zait oldarraldi neoliberalak arnasarik gabe hartu dituela unibertsitateak, murrizketa publiko, merkatu logika eta desfase sozialaren artean harrapatuta aurkitzen direlarik.

Funtsezkoa zaigu arnasa hori berreskuratzea, itoko ez bagara. Gelditu gabe ez dago aurrera egiterik: urgentea zaigu unibertsitatea soseguz pentsatzea.

Xabi Landabidea, Deustuko irakaslea eta auzokidea.

Iturria: Berria

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *