BILBAO Udal Aldizkariaz
Ailegatu da nire eskuetara BILBAO aldizkariaren 239. alea (2009ko Uztailari dagokiona) eta haserretu naiz oso. Berrogei eta zortzi (48) orrialdeetatik soil soilik bi (2) agertzen dira euskaraz. Galderak guztiz errazak dira: zer nolako errespetua dauka gure udalak euskararekiko horrelako portaera izateko berarekin?. Edo, hori da gobernu ekipoak euskararen erabilerari buruz pentsatzen duena?. Edo, P.P.k esaten duen bezala:”los nacionalistas nos quieren imponer el euskera y arrinconar el español” Non dago euskararen normalizazioa udal publikazioetan? Non geratzen dira “165.000 bilbotarrek, neurri handian edo txikian, euskera dakitela” Ana Castro Euskara Sailaren Zinegotziaren hitzak?. Hori da, akaso, euskarak , non eta Bilbon, merezi duen tratamendua?. Nire ustez portaera hori onartezina eta lotsagarria da gaur egun euskararen normalizazioan sinisten badugu, oso fabore txikia egiten diolako. Guztiz kontrakoa behar zen instituzioen jokabidea euskararekiko. Nahiko mingarria da edozein euskaldunarentzako udal bulegoetara hurbiltzen den bakoitzean hau entzutea: “parkatu, baina ni ez dakit oso ondo euskera, hobeto erderaz”. Baina, noski, euren arduradunen jokamoldearekin… Transizio delakoa momentutik bertatik, Bilbok beti izan du alkate abertzalea. Baina, euskalduna?. Okerturik ez bagaude, udal batzarretan ez da inondik ere entzuten gure hizkuntza-eta badira euskara menperatzen duten pertsonak-. Hau ikusita, zer esan nahi du “euskara erabiltzeari animatu nahi diegu bilbotarrei”esaldiak?. Non dago Instituzioen eredua? Non dago euskararekiko gure konpromesua?. Zertarako Euskara Saila horrelako portaera udalatik bertatik ikusi ondoren?. Hitz hutsek ez dute deustako balio ekintzez lagunduaz ez badoaz. Errespeto gehiago merezi du euskarak. Batzuoi asko kostatu zitzaigun euskara ikastea orain geure erakundeetatik hau ikusteko. Nik animatu egiten diet esaten dena praktikara eramateko euren ereduarekin euskara normaltasun osoz erabiltzeko eta ez orain egiten den bezala txoko baztertuan izaten. Aurrera, euskarak merezi duelako.
Pablo Herran Ruiz de Apodaka (euskaldun ikasia) |
BILBAO udal egunkaria
Etiquetado prensa.Enlace para bookmark : Enlace permanente.