Harridura sortzen du, zinez, Bilboko historiari buruz orain arte esan digutenak, Frankismo garaikoak, hain zuzen, behin sakon ikertu eta gero konturatzen baitzara historia horrek ez duela zerikusi handirik errealitatearekin. Bestalde, datuak eta informazioa izatea, hau da, erudizioa, ondo datorkigu historialarioi, baina halere, garrantzitsuagotzat hartuko nuke nik: zenbat eta kontraesan edo paradoxa gehiago mahaigaineratu eta aztertu, orduan eta ulergarriagoa egingo zaio jendeari errealitate korapilatsu hori. Izan ere, eta Frankismoari dagokionez, hemendik ere ikasbide bat atera daiteke, aurrerantzean horrelakoak baztertzeko.
Hau esanda, 1959. urtean Bilbo industrialaren eraginez, etorkizun hobearen bila guregana milaka bizilagunen etorrerak arazo larriak sortu zituen, batez ere, etxebizitzarik ez zegoelako, etorkin horientzat behintzat. Azkenean, ondorioak agintariek uste baino larriagoak bilakatu ziren, 40.000 bizilagunek ikusi zituzten beren buruak txaboletan biziaraztera eta beste 125.000k, berriz, alokaturik bizitzera beharturik. Urte horretan Bilboko biztanleak 280.000 zirela kontuan izanik, kopuru hauek benetako egoera nolakoa zen adierazten digute, eta hura larritzat hartu behar zela esan dezakegu. Agintari frankistak egia faltsutu nahian zebiltzan arren, egunkarien bitartez haien etxebizitza-politikaren porrot ikaragarria ezagutarazi zenean, azkenik jakin ahal izan genuen zein izan zen benetako errealitatea.
Gogoratu beharra dago, Bilboko kinka larri hartan, bai Monte Banderasen, bai Monte Cabrasen, bai Irustan, bai Los Cañosen, etabarren, milaka bizilagunek bizi behar izan zutela eurek porlanez eta adreiluz eraikitako txaboletan, baldintza negargarrietan… Bestalde, Bilboko zein Madrilgo agintariek premiazkoa zuten garai hartan poligono baten proiektua abian jartzea. Izan ere, denbora aurrera joan ahala, txaboletan zein alokaturik bizi zirenen egoera gero eta okerragoa zen, eta horren aurrean agintariek ezin zituzten datu horiek alde batera utzi, ezikusiarena eginez. Haatik, benetako arazoa beste bat izan zen, ez baitzeukaten ez dirurik ez tresna teknikorik ere buruhauste larri hori konpontzeko.
Hala ere, politika horren atzean zer ezkutatzen zen? Ideia horren muina, ororen gainetik, arazoaren mamiraino iristea omen zuten helburu agintariek. Gainera, arazo hori trenkatzeko, Etxebizitza Ministeriora jo behar izan zuten Bilboko agintariek, udalak ez zeukalako aukerarik proiektuak aurrera egin zezan. Horrexegatik Bizkaiko Larrialdi Sozialerako Plangintza delakoa dekretatu zen, eta plangintza horren barruan Otxarkoagako poligonoaren proiektua zegoen kokaturik. Dena den, Elizak, politikariek eta enpresariek bultzaturik, txabola guztiak desagerrarazi nahi izan zituen Francok. Hori ez zen gertatu haren borondate onaren edo paternalismoaren ondorioz, orain arte esan diguten bezala, baizik eta bere burua hartara beharturik ikusi zuelako, frankismoa sostengatzen zuten oinarrien presiopean. Horretarako, poliziak eta armadak bizilekuak hustu zituzten eta kamioi eta gurdietan jendea poligonora eraman zuten, bortxaz beren ordura arteko etxeetatik aterata, euren borondatearen kontra, auzotegi eraiki berrira.
Urte eskas batean ezerezetik Otxarkoaga auzoa sortu zen 1961ean. Nekazari mundu horretan sekulako zirrara izan zela azpimarratu beharko genuke, laborantza mundu izatetik hiri izatera bat-batean pasatzean.
Dena den, Frankismotik heldu zaigun historia paternalistak askotan kontatu digu, behin Francok txabolak ikusi eta gero, ez zituela berriro ikusi nahi izan, eta horren ondorioz Otxarkoaga sorrarazi zuela. Errealitatea, ordea, beste bat izan zen. Zer zegoen horren azpian? Funtsean kontraesan bat: Begoñako eta Bilboko historia aztertzen badugu, garai hartan, Bilbo berri bat saldu nahi zuten agintari frankistek: Bilbo modernoa, eta hortxe zeuden, adibidez, Bilboko Erakustazoka eta Ingeniarien Eskolako eraikuntza berri eta modernoak, baina aldi berean garapen ekonomikorako plangintza egiteke zegoen oraindik, eta hortik argi ikus dezakegu zer nolako paradoxa nabarmena gertatzen zen, aurrekoaren parean milaka txabola Banderas, Artxanda, Arraiz, Arnotegi mendien gainean kokaturik. Alde batetik Bilbo modernoa erakutsi nahi ziguten Bilboko agintariek eta bestetik 30 errebal zeuden Bilbo horrexetan. Bateraezintzat jo zituzten agintariek bi ereduok.
Proiektu horren atzean Bizkaiko arkitekto elkargotik 12 arkitekto gazte zeuden, eta helduago bat: Juan Madariaga, hain zuzen ere, Mexikoko erbestetik heldu berria. Han esperientzia ikaragarria hartu zuen. Izan ere, Mexikon, besteak beste, Villagran Garcia eta Legorreta arkitekto ospetsuekin lan egin zuen. Egia esan arkitektoek ez zuten aukera handirik eduki. Etxebizitza Ministerioko arduradunek, non eta nola aurretik erabakita, lehenbailehen 4000 etxebizitza eraikiarazi nahi zituzten, 20.000 bizi lagunentzat, hor auzoetxea, bi eliza, 3 merkataritza-gune eta 3 eskola ezarriz, esaten zutenez, poligonoari autonomía emateko.
Etxebizitzak aztertzean adierazgarria da kanpoko aldean eraikuntza irekiak proposatu izatea, gune eguzkitsuetan kokatuak, gune berdez inguratuak, eta adreiluz egindakoak, hori erarik merkeena zelako. Etxebizitza Ministeriokoek leku egokitzat jo zuten mendien artean kokatzea, ondoan Etxebarri, Galdakao, Basauriko haranak eta bertako lantegiak zeudelako. Ezin hobeto zetorkien langileei euren etxebizitzetatik lantegiak hain hurbil edukitzea.
Era berean, etxebizitzen barneko antolamendua Diru-Laguntzaz babesturiko Etxebizitzen legepean zegoen. Lege berri honekin ekimen pribatuarentzat eskaintza erakargarria lortu zen, batez ere, barrutik zenbat metro karratu eduki behar zituzten, material ahalik eta merkeenak erabiliz eta zenbat eta lasterren eraikitzea hobetsiz, horrek kostu aldetik ahalik eta merkeena lortzeko. Beste ezaugarri bat eraikuntza mendien gainean egitea zen, hirigintza planik gabe. Pentsatzekoa da, hortik zer atera zitekeen: auzotegia aldapaz beterik gelditu zen, gabezia askorekin eta kalitate eskaseko materialekin. Geroago hezetasunak etorri ziren, eta are arazo gehiago eta larriagoak ere. Hainbat etxe-orratz eraiki eta gero, bestalde, biztanle dentsitatea ikaragarria ere sortu zen.
Hirigintzaren eta arkitekturaren ikuspuntutik eredu berriaz ari gara, Bilboko hiriaren kanpoko aldeko poligono baten bitartez Bilboko zabalgune ereduarekin apurtu zuena; era berean, arkitekturako laborategi gisa har dezakegu, batera bai material berriak eta bai aurrefabrikatzeko sistema berriak erabili zirelako. Otxarkoagakoa Bizkaiko lehenengo poligonoa izan zen, eta hura eredutzat hartuta, geroago beste leku askotan erabiliko zelako: Txurdinagan, Begoñan, INVko poligono guztietan, Bilbo Handian, Basaurin, Gurutzetan, Sestaon, Portugaleten, Santurtzin eta Muskizen, besteak beste. Horregatik guztiagatik, ondorioz, nabarmentzekoa da Otxarkoagaren garrantzia .
Paternalismoa baino askoz gehiago ere bazegoen politika horren atzean, eta 50. hamarkadan falangisten menean egindako etxebizitza politikaren porrota adierazten zuen. Huts horiek gainditzeko ekimen pribatua erakartzeko bideak sortzea erabaki zuten orduan agintari frankistek, hau da, etxebizitzak negoziotzat hartzea. Bankuak erakartzeko, etxebizitza-jabetasuna eredu bihurtu zen, bai eroslearentzat bai erabiltzailearentzat ere. Hortik aurrera, ekimen pribatuak berak Bilboko hedapena nondik nora jo behar zuen eta hiria non, noiz eta zelan eraiki beharko zen erabakiko zuen. Otxarkoagakoa politika horren hasiera baino ez zen izan. Urteak aurrera joan ahala, poligonoa etxebizitza-politikaren beste porrot bat bilakatu zen, alde batetik, etxebizitza-gabezia konpondu ez zuelako, eta bestetik, espekulazio ikaragarria sortu zuelako.
LUIS BILBAO LARRONDO (HISTORIADOR)